LLUÍS QUILEZ – FANTROBIA SARIA 2021

Bartzelonan jaio zen 1978an. Zuzendaritza-espezialitatean graduatu zen ESCACn.

2003an, zuzendari eta gidoilari gisa egin zuen fikziozko bere lehen film laburra estreinatu zuen, aldi berean, karrera amaierako proiektu ere izan zena: El siguiente. Nazioarteko 17 sari lortu zituen, besteak beste 2004ko Europako film labur fantastiko onenaren Méliès d’Argent saria. Geroago etorri ziren Sitgeseko Jaialdian estreinatu ziren eta nazioarteko hainbat jaialditan 96 sari lortu zituzten Avatar (2005) eta Yanindara (2009). Aipatzekoa da Avatar filmak 2007an Akademiako Oscar sarietarako sailkatzea lortu zuela.

2015ean estreinatu zen Tribecako jaialdian bere fikziozko lehen film luzea, Out of the Dark (2015), Pastor eta Javier Gullon anaien gidoiarekin. Thriller fantastikoa da, eta hogeita hamar herrialdetan estreinatu zuten. 2015ean, baita ere, ekoizle gisa hasi zen Euphoria Productions sortuz, Bartzelonan. Ekoizle-zuzendari gisa egin duen lehen lana Graffiti film laburra izan da, Sitgesen estreinatutakoa eta nazioarteko 50 sari lortu dituena; horien artean, berriro ere, Méliès d’Argent saria, Forque saria, Goya eta Gaudi sarietarako izendapenak eta Hollywoodeko Akademiako Oscar sarietarako finalista izatea nabarmendu behar dira. 2017an, mundu mailako urteko 10 lan garrantzitsuenak nabarmentzen dituen shortlist zerrenda garrantzitsuan sartu zen.

Euphoria Productions-etik, zuzendari gisa egin zuen ibilbidearekin batera, estatuko talentu gazteen film laburrak ekoizteko ildoari ekin zion, 2019an estreinatu ziren Guillem Almirallen El iluso eta Pol Armengolen Gigi 33 lanekin.

Azken hamar urteetan, zuzendari lanarekin batera, irakasle gisa ere aritu da, eta, gaur egun, ECIBko eta ESCACeko irakaslea da, Gidoi eta Zuzendaritza espezialitatean. Horrez gain, mintegiak eta maisu-klaseak ematen ditu nazioko zenbait unibertsitatetan.

2021eko urtarrilean estreinatu zen zuzendari gisa egin duen bigarren film luzea, Netflixek ekoiztutako Bajocero. Akziozko thriller bat da, eta, kaleratu eta hilabete eskasean, ingelesezkoa ez den plataformako film ikusiena izatea lortu du, berrogeita hamar herrialde baino gehiagotan ranking-eko buru izanik eta 46 milioi etxe baino gehiagora iritsiz, hau da, 100 milioi ikus-entzule baino gehiago mundu osoan.