FANT–Fantasiazko zinemaren jaialdia, Bilboko Udalak antolatzen duena, bihar hasiko da, azaroak 7, eta azaroaren 12ra arte iraungo du (zapatua); online eta aurrez aurre egingo da aurten, nahi duten guztiek izan dezaten aukera ekitaldi honetaz gozatzeko.

Aurtengo aldi honetan, jaialdiak FANTROBIA 2020 saria emango dio Galder Gaztelu-Urrutia zuzendari bizkaitarrari; sari horren bidez, fantasiazko generoaren barruan ospea biltzen ari den pertsona bati agertzen zaio ezagutza.

Hala, beraz, “El Hoyo” filmaren zuzendari saritu Galder Gaztelu-Urrutia eta Carlos Juárez ekoizlea Bilboko Udalean izan dira gaur goizean, Juan Mari Aburto alkatearekin, eta haiekin batera izan da baita ere kulturaren eta ekonomiaren garapenaren arloetako udal taldeen ordezkaritza bat. Elkarrekin bildu dira eta elkarrekin mintzatu, euskal zinemaz eta kultur sektorearen egungo egoeraz, besteak beste. Ondoren, Bilboko hedabideen aurrera agertu dira, Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantza Saileko zinegotziarekin eta Vanesa Fernández jaialdiaren zuzendariarekin batera.

Gaztelu-Urrutia hainbat urtean ibili da publizitate kanpainen zuzendari eta ekoizle moduan eta hainbat film laburren ekoizle moduan, hala nola “Psiconautas, los niños olvidados” (2015) eta “El ataúd de cristal” (2016). Gainera, film labur hauen zuzendari izan zen: “913” (2004), zeinari saria eman baitzitzaion ZINEBIn, eta “La casa del Lago” (2011).

Bizkaitar zuzendaria barra-barra ari da aipatua izaten hedabideetan, estreinakoz jardun delarik film luze baten zuzendari “El Hoyo” (2019) film arrakastatsuan, zeinak kritika distopiko bat egiten baitu; filmak ikusleen saria irabazi zuen Torontoko Nazioarteko Zinema Jaialdiko Midnight Madness atalean. Horrez gain, Sitgesko 2019ko Jaialdian film onenaren saria, zuzendari berri onenaren saria, efektu berezi onenen saria eta ikusleen saria irabazi zituen, bai eta film gaztearen saria ere Abycine 2019 jaialdian (Albaceteko Zinema Independenteko 2019ko Jaialdia); bestalde, Kataluniako Zinema Akademiaren 2020ko Gaudi sarietan ikusizko efekturik onenen Gaudi 2020 saria irabazi zuen. 2020ko Goya Sarietarako izendatua izan zen, zuzendari berri onenaren kategorian, ekoizpen horrengatik, eta efektu berezi onenen 2020ko Goya saria irabazi zuen.

El Hoyo” filmak arrakasta handia bildu du Netflix-en, eta plataformaren historian mundu osoan gehien ikusi izan diren 10 filmetako bat bihurtu da; ikuskatuak izan diren filmen artean gehien ikusi izan dena plataforma eskura dagoen herrialde guztietan, Indian izan ezik, han laugarren izan baita. Gainera, Espainiako film luzeen artean 2021eko Oscar sarietarako aldez aurretik hautatuak izan direnen arteko bat izan da, hain zuzen, nazioarteko film onenaren Oscar sarirako.

Jaialdiaren egitarauari buruzko informazio guztia esteka honetan dago eskura.

FANT 2020

FANT jaialdiaren 26. aldian aurrez aurreko modalitatea eta on line modalitatea nahastuko dira, jaialdiaz gozatu nahi duenaren segurtasuna bermatzearren. Aurrez aurreko modalitateari begira, edukiera mugatu egin da, % 50era arte, eta gel hidroalkoholikoaren banagailuak ipiniko dira aretoen sarreran; nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea eta segurtasun tarteak gordetzea, eta antolatzaileek 30 minutuko tartea utziko dute saioen artean, gunea aireztatu eta desinfektatzeko. Gainera, egitarauko lehenengo saioa 15:00ean hasiko da, eta, hala, 21:00ean amaituko.

#BILBAOUDAZKENA2020

FANT da, beraz #BilbaoUdazkena2020 ekimena osatzen duten kultur proposamen ugarietako bat; izan ere, Bilbo egitasmoz beteta egongo da hilabete honetan, Udalak kultur sektorearen aldeko apustua egin baitu, jakitun bera dela COVID-19aren krisiak gehien erasan dituenetako bat.

#BilbaoUdazkena2020ko programazio guztian zorrotz eta uneoro jarraituko dira osasun-agintariek markatutako protokoloak.

SARE SOZIALAK:

#Fant26
#BilbaoUdazkena2020

www.bilbaokultura.eus
fantbilbao.eus