Bilboko Udalak antolatzen duen Bilboko Zinemaldi Fantastikoak – FANTek, maiatzaren 2tik 11ra ospatuko du bere 25. edizioa, eta ezustekoekin eta ekitaldi bereziekin egingo du. Horien artean, aurreko hilabete hauetan, generoko lan berrien aurre-estreinaldiak eskainiko ditu. Hilabete honetako hitzordua BIHAR izango da, Michael Caton – Jones zinegilearen “Asher” (EEBB, 2018) filmarekin.

Saioa arratsaldeko 20:00etan hasiko da Golem – Alhóndiga zine aretoetan. Sarrera doakoa da, baina gonbidapena jaso beharko da txarteldegian, egun berean, 16:00etatik aurrera –gehienez ere 2 gonbidapen pertsona bakoitzeko, leku guztiak bete arte–.

Asher, soldatapeko hiltzaile bilakatu den Mossad-eko kide ohia da, eta luxurik gabe bizi da une oro eraldatzen ari den Brooklyn-en. Bere lan ibilbidearen, eta agian bizitzaren, amaieratik gertu, Asherrek gaztetan egin zuen promesa apurtuko du, okertu egin den lan batean Sophie ezagutzean. Izan gura duen gizona bilakatzeko aukera bakarra, bere egunean izan zen gizona hiltzea izango da.

Aurre-estreinaldi horrez gain, FANTen 25. urteurrena ospatzeko jardueren artean, Loraldia jaialdiaren eskutik, Iratxe Fresneda zinegile, zine kritikari eta UPV/EHUko irakasleak, “Lurralde Hotzak” aurkeztuko du ostegunean, apirilaren 4an, fikziozkoa ez den bere lehenengo film luzea. Emakume baten bakarkako bidaia da, bere kameraren eta berarekin batera doazen zineko mamuen laguntasun bakarrarekin. Saioa Arte Eder Museoan izango da, arratsaldeko 19:30ean.

Hurrengo egunean, ostiralean, apirilaren 5ean, eta Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren – FANTen, laguntzarekin, baita ere, ANIMAKOM FESTek gaubela ludikoa ospatuko du, garai guztietako animaziozko film deliranteenetako batzuen proiekzioarekin, umorezko aipamenek lagunduta. Ekitaldia, cinecutre.com webgunearen arduradunak diren Vera Montessorik, Carlos Oso Palenciak eta Juan Pérez Conejorniok koordinatuko dute. Z serieko zinea erreskatatzen daude espezializatuta, eta euren bakarrizketak Internetetik eszenatokietara igo dira. Jarduera 22:30ean hasiko da Bilborock Aretoan, sarrera librearekin, leku guztiak bete arte. 

Halaber, FNAC Bilbaorekin ohikoa den lankidetzaren barruan, apirilaren 5ean, 10ean eta 15ean –17:00etan–, “Expediente X” (11. denboraldia) telesailaren proiekzio bereziak eskainiko dira leku horretan. Horrez gain, apirilaren 13an, arratsaldeko 18:00etan, Ábaco Kultur Elkartearen eskutik, “Juego de Tronos” telesailean oinarritutako mahaiko jokoaren demo bat egingo da.

Beste alde batetik, edizio berezi honekin bat etorriz, Bilboko Zinemaldi Fantastikoak – FANTek, Bilbotik irten eta Bizkaiko beste udalerri batzuetara eramango ditu aurreko edizioan saritutako zenbait film. Barakaldo, Getxo eta Arrigorriaga izango dira zine saioa jasoko duten udalerrietako batzuk, oraingo honetan apirilaren 4an, 10ean eta 12an, hurrenez hurren. Saio horietan, Joe Lynch-en “Mayhem” (EE.BB, 2017), Film Onenaren FANT 2018 Saria, eta Aitzol Saratxagaren “Ziren” (2017, 15 min), 2018ko Euskal Film Labur Onena, eskainiko dira.

FITXA:

Jatorrizko izenburua: “Asher”
Zuzendaria: Michael Caton-Jones

Gidoia: Jay Zaretsky

Antzezleak: Ron Perlman, Famke Janssen, Peter Facinelli, Richard Dreyfuss, Jacqueline Bisset.

Trailerra: https://www.youtube.com/watch?v=hrf2vf7S_Ww