• Petter Skavlanen gidoia duen polizia-thrillerra Golem – Alhondiga zine aretoetan emango da ostegunean, 20:00etan. Sarrera doakoa izango da, egun berean, 16:00etatik aurrera, txarteldegian jaso beharko den gonbidapenarekin –pertsona bakoitzeko 2 gehienez, leku guztiak bete arte–.

• Bilboko Zinemaldi Fantastikoak – FANTek, aurre-estreinaldi bat emango du hilero, maiatzaren 8tik 16ra luzatuko den hurrengo edizioaren aurreko hilabeteetan.

Bilboko Udalak antolatzen duen Bilboko Zinemaldi Fantastikoak –FANTek–, 26. edizioa beteko du maiatzaren 8tik 16ra, eta, aurten ere, aurreko hilabeteetan generoari buruz egin diren azkenengo lanen aurre-estreinaldiak eskainiko ditu. Lehenengo hitzordua OSTEGUN honetan, hilaren 30ean, izango da, Petter Skavlanen (“Kon-Tiki”) gidoia duen Brian de Palmaren “Domino” (Danimarka/Frantzia/Italia/Belgika/Holanda 2019) film berriaren aurre-estreinaldiarekin. Filma otsailaren 21ean estreinatuko da areto komertzialetan eta A contracorriente Films etxeak banatuko du.

Iaz, 25. edizioa zela eta martxan jarri zuen ekimen honekin, maiatza baino lehen bere ikus-entzuleekin elkartzeko aitzakia bilatzen ari da FANT, hilean behin aurre-estreinaldi bat eskainiz. 20:00etan hasiko da saioa, Golem-Alhondiga zine-aretoetan. Sarrera doakoa izango da, proiekzioaren egun berean, 16:00etatik aurrera, txarteldegian jaso beharko den gonbidapenarekin –pertsona bakoitzeko 2 gehienez, leku guztiak bete arte–.

Nikolaj Coster-Waldau (“Juego de tronos” tele-saiokoa) eta Carice van Houten (“El libro negro”) ezagunak dira indar handiko thriller garaikidearen protagonistak. Antzezle taldea osatuz Guy Pearce (“Memento”) arituko da. Brian De Palma txalotuak zuzendutako lana da, generoaren benetako maisua, bere filmografian dauden maila bikaineko “Carrie”, “El precio del poder” edo “Los intocables de Eliot Ness” lanek erakusten duten bezala.

Istorioaren protagonista, bere lankidearen hiltzailea aurkitzeko ofizial batekin elkartzen den Danimarkako polizia bat da. Bikoteak ez dakiena da jazarten ari diren pertsonak CIAren operazio berezi batean egiten duela lan, eta Europan Isisen zelula terrorista baten arrastoa jarraitzen ari dela.

Bilboko Udalak ireki du jadanik FANT 26 jaialdiaren hurrengo ediziorako film laburrak eta luzeak aurkezteko epea. Ikusteko kopiak jasotzeko azken eguna 2020ko martxoaren 1a izango da. Lehiaketara materialak aurkezteko prozedura eta behar den informazio osagarri guztia jaialdiaren www.fantbilbao.eus webgunean agertzen diren oinarri osoetan kontsulta daitezke.

“DOMINO” FITXA:
Jatorrizko izenburua: “Domino”
Zuzendaria: Brian De Palma
Gidoia: Petter Skavlan
Antzezleak: Nikolaj Coster-Waldau, Carice van Houten, Guy Pearce